XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bezpera

Gaur, ekainak 11, E egunaren bezperan, biharko bozketari buruz idaztea litzateke egokiena eta horixe egin nahi nuela aitortu behar dut ezertan hasi baino lehen.

Ikusmin exkaxa sortu duen kanpaina hasi aurretik alderdiek Brusela eta Strasburgon dituzten xedeak ezagutzeko asmoa nuen.

Europar Elkarteak hartzen dituen erabakiek hemengo egoera uste baino gehiago baldintzatzen dutela behin eta berriz entzun ondoren, partiduek legebiltzarrean bultzatu nahi dituzten proposamen, lege, asmo eta bestelakoak ezagutu eta aztertu nahi nituen.

Egunero egunkari batzuk irakurri eta irrati eta telebisteetako albistegiak entzutea, ordea, alferrikako lana izan da.

Bi asteko kanpaina amaituta, alderdiek elkarri aurpegiratzen dizkioten mota askotako trapu zikinak ezagutu ditut.

Europaz, aldiz, oso gutxitan mintzatu dira gai horretan aditu omen direnak.

Agian, politiko gehienentzat, hiritar gehienentzat bezala, Europa oraindik ere oso urrun dagoelako.

Kontua da bezpera egunean kanpanian ikasitakoari buruz idatzi nahi nuen artikulua pikutara joan dela.

Eskerrak esplikazioak ematen hasi eta konturatu gabe zutabea bete dudala.